Antimilitarismoaren erronka berriak
Intsumisioaren hamar urteak beteta, Derrigorrezko Soldadutzaren (DS) desagerpenak gizartearen desmilitarizazioaren aldeko lanean erronka berriei aurre egiteko aukera ematen dio mugimendu antimilitaristari. Horretarako, gure ustez, ondoko gaiei heltzea beharrezkoa da.
- Errealitatearen azterketa antimilitarista berri baten garapena. Intsumisioaren hamar urteotako dinamikak arreta handia eskatu digu eta horrek gure munduan eta esparru ezberdinetan azken hamarkadan izan diren aldaketa ugari eta iragarriezinan aztertu eta horiei buruzko gogoeta egitea galarazi digu. Helburu berriak hautatzeari ekin baino lehen, une hau egokia da errealitateari buruzko gure azterketa berraztertzeko, militarismoaren itxura eta aurpegi berriak ezagutu eta ezagutarazteko eta, horren ondorioz, antimilitarismoaren lehentasunak zehazteko.
- Intsumisioak gizartean izan duen arrakastak ez digu ahaztarazi behar gure gizarteek ontzat eta ohikotzat hartzen dituztela pentsaera, jarrera, portaera eta eskema militaristak eta, orain dela hogei urte DSren aurkako hasieran gertatu zen bezala, lehenetsiko ditugun helburu berriek, hasieran, gizartean laguntza urria izango dutela. Gure erronka, hain zuzen ere, horixe bera izango da: babes urria izatetik gehienen babesa izatera heltzea. Horrek, berriz ere, urte batzuetako bilakaera beharko du. Garbi izan behar dugu hori eta gizartearen babes eta oniritzi erraza baino, gizartea eraldatzeko eta antimilitarismoaren onerako izango diren helburuak aukeratzen ahalegindu behar dugu, populismoaren aldeko jarrerak baztertuz.
- Gure azterketak eta gogoetak “eguneratu” behar ditugu, baina baita gure antolaketa erak ere: gizonezko gazteen migimendutzat jotzeko ohitura gainditzeko bideak eta dinamikak sortuz; talde antimilitaristen arteko koordinazioa: ikuspuntu desberdinak elkarri azaldu, ez lehiatzeko, aberasteko baizik; beste giza-taldeekiko harremanak: antimilitarismoa ez da dogma bat eta beste mugimendu askorekin batera bilatzen dugun gizarte eraldaketan kokatzen saiatu behar dugu; gizartean partehartzeko gure moduak: mobilizazioak, materialak, hedabideak, gure ekintzetan jai-giroa aldarrikatu… eta azkenik norberaren errealitatea: gure eguneroko ekintzetan gure pentsaera islatzen saiatu behar dugu, bai lan egoeretan, bai etxean, bai beste edozein egoeratan.
- Eta gure inguruari atxikita, Euskal Herrian indarrean jarri den autodeterminaziorako prozesuan partehartze zuzena izatearen ardura hartu behar dugu, batez ere hiru ikuspuntutatik. Lehendabizi, giza-mugimendu gisa, prozesu honetan gizarteak izan behar duen nahitaezko betebeharra aldarrikatuz. Bigarrenik, borrokarako estrategiatzat desobedientzia bultzatuz, dela kanpotik jasoko ditugun eraso eta oztopoei aurre egiteko, dela lortu nahi dugun gizarte ereduarekin bat datorren antolaketarako eta partehartze politikorako era berri bat lehenbailehen indarrean jartzeko. Hirugarrenik, Euskal Herri desmilitarizatuaren aldeko gure apustu tinkoari ekimen eta edukiak emanez.
Intsumisioaren hamargarren urteurrenean, mugimendu antimilitaristak erronka zoragarriak ditu. Egin diezaiegun aurre guztiok batera.
Antonio Escalante eta Asis Iriondo Gasteizkoak Kolektiboaren izenean
Publicado en Egunkaria el 19-02-1999