Explosivos alaveses: heriotza ala konbertsioa
“Explosivos Alaveses” (EXPAL) armagintzako fabrika arabarraren konbenio berriari buruz izandako negoziazioen hariari helduz, enpresako Zuzendaritzaren azken asteotako argudioak txunditurik entzun ditugula esan behar dugu. Argudio hauen bidez, Expalen eta “Unión Expañola de Explosivos” taldearen ustezko krisian eta parlamentuak agindutako pertsonen aurkako minen eta barreiatze-bonben fabrikazioaren galerazpenean oinarrituz, 26 langileren enplegu-erregulaziorako proposamena justifikatzen saiatu dira.
Zein izan zen gure harridura, EXPALen azken hirurteko fakturazioa, %50ean (4.000 milioitik 6.000 milioira) igo dela ikustean, eta gainera, momentu honetan Enpresa 13.000-18.000 bonbako eskaera garrantzitsuaren fabrikazioan diharduela egiaztatzean. EXPALek, ilegalki eta nazioarteko araudiaren kontra, antzeko eskaera bete zuen 80ko hamarkadan Iran-Irak gerra bete-betean zegoenean, bi estatuak bonbez hornitu zituelarik.
Turkiarako legezkontrako esportazioa
Enpresaren hipokresia baino askoz latzagoa dena, hau da: goiko eskaera, Turkiako gobernuarekin sinatutako esportazio-kontratua dela, hain zuzen ere, haiei MK serieko hegazkinetarako bonben bi eredu saltzeko. Ondorioz, leherketa baten ondoren suntsitu zen hegazkinetarako bonbak produzitzen zuen Turkiako enpresa nagusiaren lekua, EXPALek hartu du.
EXPAL eta Turkiako Gobernuaren artean sinatutako kontratu hau, Turkiako prentsan oso aipatua izan da (ikus Ekainaren 5eko “HÜRRIYET” egunkariaren azala). Bestalde, bai EXPALen aldetik bai Espainiako gobernuaren aldetik ezkutatua izan da, aurreko maiatzaren 25ean Europar Batasuneko estatu guztiek onartutako “Armen Esportaziorako Europar Batasunaren portaera-kodeko” 8 irizpideetatik gutxienez 4 betetzen ez direlako. Azken hauek hurrengoak dira:
- “Giza eskubideak gogorki bortxatuak izan diren herrietara ez esportatzea”. IHD Giza Eskubideen Elkartearen arabera, Turkiako Kurdistanen, 10.000 preso politikotik gora, 400 kazetari baino gehiago atxilotuta, torturengatiko 1.500 salaketa inguru, 300 argitarapen baino gehiago konfiskaturik eta 100 elkarte ilegalizaturik daude.
- “Bukaerako destinoko estatuaren tentsio edo gatazkak areagotuko dituzten esportazioak eragotzi” eta
- “esportazio-lizentziarik ez luzatzea, hartzaileak produktua beste estatu bati eraso egiteko erabil dezakeenean edo lurralde aldarrikapenak indarrez inposatzeko arriskua dagoenean”. 90eko hamarkadan, populazio kurdoarekiko errepresio militar turkoaren gogortzeak, ia 3 milioi pertsonaren desplazamendua eragin du.
- “Estatu partaideek, honakoa aztertuko dute: proposatutako esportazioak, estatu hartzaileak manten dezakeen garapena era garrantzitsuan desegonkortuko duenentz”. Nazio Batuen “Giza garapenari buruzko txostena. 1996” idazkiaren arabera, Turkiako “defentsa-gastuak” “hezkuntza-gastuak” baino %25 handiagoa da eta “osasun-gastuen” bikoitza baino handiagoa da.
Baina Espainiako gobernuak esportazio ilegal hau “baimentzeaz” gain, bi alderdien arteko gestio diplomatikoak burutu ditu (Aznar gobernuburuak Turkiara egin berri duen bisitaren arrazoietariko bat). Aznarren agintepean ere, Turkiara bidaltzeko 45.000 milioi pezetatik gorako armen salmentak baimendu dira, eta gaur egun kantitate askoz handiagoetako kontratuak negoziatzen ari dira.
EXPAL: enpresak eta gehiengoa duen sindikatuak, konbertsio-proiektua galerazi
Sarritan armagintzako enpresari eta langileek, heriotza eta herri eta pertsonen suntsipena dakartzan produkzioa mantentzearen aldeko arrazoiak, alternatiba ezean oinarritzen dituzte. Hala ere, EXPALen kasuan, bai enpresaren zuzendaritzak bai Enpresa-Komiteko sindikatu nagusi den CCOOk, laguntza txikiena emateari ere uko egin diote. Honela, duten hipokresia eta eskrupulo eza erakutsiz, EXPALeko produkzioa produkzio zibil bilakatzeko konbertsio-aukerei buruzko azterketa zehatza egitea eragotzi dute. Beraz, hemen Industri Militarreko Konbertsioaren lehenengo esperientzia izan zitekeena galerazi dute.
Hain zuzen ere, orain urte bat baino gehiago, EXPALen produkzioa konbertitzeko proposamen bat garatzeko proiektuari ekin zitzaion. Proiektuan, ondoko talde partaideak zeuden: gaian adituak (ekonomilariak, industri ingeniariak, kimikariak, soziologoak, …), proiektuaren finantzaketaren arduradun ziren erakunde batzu (Fons Catalá de Cooperació, Euskal Kooperazio-Fondoa,…) eta zenbait Gobernuz Kanpoko Erakunde eta “Defentsaren Ekonomia” aztertzen diharduten kolektibo eta beraien alternatibak (hauen barne, Bonn International Centre For Conversion-BICC- talde aleman ospetsuaren nazioarteko aholkularitza), guztiak Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Ekonomia Aplikatuan irakasle den Arcadi Oliveresek zuzenduriko talde teknikoaren bidez koordinatuta.
Horrela, lanerako eskema guztiz zehatza prestatu eta gero, proposamenak aurkeztu zituzten. Prozesu osoa bertan behera utzi dute, bai enpresak bai CCOOko sailak proiektuan ez laguntzeko erabakia hartu zutelako, eta CCOOren kasuan, jokabide hau bere zuzendaritzak konbertsioari buruz erakutsi izan dituen jarreren aurka doala esan behar da.
Salatzeko beharra
Egoera honen aurrean, premia bizikoa da kolektibo, erakunde, mugimendu, instituzio eta jende guztiak EXPALen iharduerak publikoki salatzea. Honela, kurdoena moduko sarraski berriak izan ez daitezen lagunduko dugu, eta enpresak eta CCOOk beraien ezezko jarrera berraztertzera bultzatuko ditugu, heriotzak fabrikatzeari uzteko bidea den konbertsio-proiektua burutzeko lagun dezaten.
Salaketaren bidez nork bere harri-kozkorra ekar dezake, euskal hiritar eta langile moduan EXPALen geroa gehiago lotsaraz ez gaitzan beste zerbaitetan “konbertitzeko”.
Carlos Zulaika eta Antonio Escalante, Gasteizkoak kolektiboaren izenean
Publicado en revista Egunkaria el 13-08-1998